Matambako Erresuma
Matambako Erresuma | |||||
---|---|---|---|---|---|
1631 – 1744 | |||||
Eskualdea 1648 inguru | |||||
Geografia | |||||
Hiriburua | Mocaria Camatamba | ||||
Kultura | |||||
Hizkuntza(k) | Kinbundu | ||||
Erlijioa | Afrikako erlijio tradizionalak | ||||
Historia | |||||
|
Matambako Erresuma (1631-1744) Afrikako estatu prekoloniala izan zen, gaur egun Angolako Malanjeko probintzian zegoena. Kolonizazio saiakerei luzaroan eutsi zien erresuma boteretsu bat zen, XIX. mendearen amaieran Angolan integratua izan zelarik.
Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Matambako Erresumako lehen aipamen dokumentala, Kongoko Erresumako erregeari, garai hartan Alfontso I.a Kongokoa zena, 1530ean eginiko omenaldi batena da. Ondoren, 1535ean, Alfontsok gobernatzen zuen eskualdeen artean Matambako Erresuma zerrendatu zuen. Ez dago erresumaren historiari buruzko informaziorik, eta erresumari buruzko ahozko tradizio modernoek, oraingoz, ez dute datu garrantzitsurik gehitzen. Ez dirudi Kongoko erresumak Matambako Erresuman presentzia arin eta sinboliko bat besterik izango zuenik, eta bere gobernariak, ziur asko, nahiko independenteak izan ziren. Matambako Erresumak, zalantzarik gabe, harreman estuagoak zituen bere bizilagunarekin, Ndongoko erresumarekin.
XVI. mendearen erdialdean, Matambako Erresuma gobernatzen zuen errege ezezagun batek Diego I.a Kongokoak (1545-1561) bidalitako misiolariak hartu zituen. Hala ere, ez dago erresuma kristautasunera bihurtu zeneko ebidentziarik.
1575ean Paulo Dias de Novaisen agindupean kolono portugaldarrak Luandara iritsi zirenean, egoera politikoa aldatu zen. Portugaldarrek Ndongo erresumaren administrazioan esku hartu nahi zutenez, 1579an Ndongo eta Portugalen arteko gerra piztu zen. Matambako erresumak paper txiki bat bete zuen gerraren hasieran, baina Portugalgo garaipenaren mehatxuak, Matambako gobernariak (ziuraski Kambolo Matamba izeneko errege batek) esku hartzera bultzatu zuen. Ndongo erresumari portugaldarren aurka laguntzeko armada bat bidali, eta portugaldarrek Lukalako guduan 1590ean izandako porrotean paper erabakigarria jokatu zuten.
Portugalen aurkako gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1618an, Luis Mendes de Vasconcelos Angolako kolonia portugaldarreko gobernadoreak Ndongo erresumaren aurka eskala handiko eraso bat agindu zuen, inbangala bere aliatu bereganatu berriak erabiliz. Portugalekin aliatu ziren talde imbangala taldeak Kwanza ibaiaren hegoaldeko mertzenarioak ziren. Hurrengo bi urteetan, Mendes Vasconceloskoaren semea zen Joãok, indar luso-imbangalen aliantzaren buru izan zen, Ndongori kalte handiak eragin zituen. Garai honetan, Kasanjeko inbangala taldeak desertatu eta, bere kabuz, Matambako erresumaren aurkako erasoak egin zituen.
Ndongok Portugalgo indarren erasoak jasaten jarraitu zuen. 1624an Njinga Mbandi erregina (Nzinga ere deitua) tronura igo eta gerra jarraitu zuen. Njinga, Matamban sartu zen, eta bere indarrek, Mwongo Matamba Matambako erreginaren indarrak garaitu zituzten, hura harrapatuz eta bere preso bihurtuz. 1631 inguruan, Njingak bi erresumak (Ndongo eta Matamba) bateratu zituen.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- David Birmingham, Trade and Conquest in Angola: The Mbundu and their Neighbours under the Influence of the Portuguese (Oxford, 1966)
- Graziano Saccardo, Congo e Angola con la storia dell'antica missione dei Cappuccini (3 liburuki, Venezia, 1982-3)
- Fernando Campos, "A data da morte de D. Verónica I, Rainha de Ndongo e Matamba," Africa (São Paulo) 1982